|
|
Inplikatutako erakundeak
Resultados : 1 a 9 de 9 encontrados.
01
Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusia. Gipuzkoako Foru Aldundia |
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusia proiektuaren sustatzailea eta onadura da. Bere legezko eskumenen arabera, baso-baliabideak antolatzearen eta hobetzearen nahiz natura kontserbatzearen ardura duen erakunde publikoa.
Basozaintzako eta Natura Inguruneko Zerbitzuari dagozkio ondorengo funtzio hauek:
· Gipuzkoako Lurralde Historikoko mendiei buruzko lege-arauak behar bezala bete daitezen zaindu eta kontrolatzea.
· Foru Aldundiaren ondareko mendiak, herri onurako mendiak, mendi babesgarriak eta kontsortzioetako mendiak administratu, kudeatu, zaindu eta babestea. Halaber, horien guztien lurralde osotasuna babestea.
· Mendi horietako basoak eta azpiegiturak antolatu eta hobetzea, basoak berrituz, lurra landuz eta mendi-bideak eginez.
· Maila askotako bioaniztasuna (genetikoa, espeziena, biztanleriarena eta komunitatearena) zerrendatu eta kudeatzea.
· Kudeatzea europar intereseko habitat eta espezieak, 79/409/CEE eta 92/43/CEE europar arteztarauetan edo haien ordezkoetan jasotakoak.
· Kudeatu eta administratzea Gipuzkoako natura-gune babestuak, Euskal Herriko Natura Babesteko Legean jasotakoak: Natur parkeak, biotopo babestuak eta zuhaitz bereziak.
· Idatzi eta burura eramatea arriskuan dauden espezien euskal katalogoan jasotako espezien gaineko kudeaketa planak.
Proiektua kudeatzeko sustatzaileak Gipuzkoako Foru Aldundia partaide duen Nekazal Ikerketa eta Tecnología (IKT), S.A., enpresaren laguntza teknikoa izango du. Enpresa hori Euskal Herriko espazio natural babestuen antolaketan eta kudeaketan espezializatuta dago, aipatu eremu geografikoan Natura 2000 Sarea diseinatzen lagundu du, eta egun aipatu Sarearen kudeaketa-markoa ezartzen ari da.
Errenteria 40.000 biztanle inguru eta 3.200 ha dituen udalerri ertaina da. Oiartzun ibaiaren bailaran kokatzen da, Oarsoaldean, Kantauri itsasoa iparraldetik eta Arano eta Goizueta udalerriak hegoaldetik dituela. Beti izan du kokaleku geografiko estrategikoa; izan ere, muga egiten du Nafarroaren iparraldearekin, eta Kantauri itsasoranzko irteera du, Pasaiako portuaren bidez. Horregatik, historikoki, hemen, mendiko kultura, abeltzaintza eta basozaintza garrantzitsuak, itsasoari lotutako kultura batekin, ontziola eta itsasgizon ezagunekin, nahastu izan dira.
XX. mendean zehar, Errenteria papergintzarekin, elikagai-ekoizpenarekin, ehungintzarekin eta siderurgiarekin lotutako industrigune garrantzitsua izan da. Gaur egun berriz, eskualdeko hiriburutzat hartzen denez, industria hori zerbitzuen sektorearekin elkar bizi da. Lehenengo sektoreak, egun gaitasun murriztu batekin, nekazaritza eta abeltzaintza profesionalarekin nahiz elikagai-industriarekin lotutako hogei bat enpresa ditu: haragia, esnea, arrautzak, gazta, barazkiak,... Donostiatik hain gertu egoteak eragin handia du Errenteriako kokapen estrategikoan eta ekonomikoan.
Bestalde, Aiako Harria Parke Naturalaz eta GKLaz gain –gure udalerriak ditu horien lurren %25 (1.700 ha)–, beste hainbat balio natural garrantzitsu ere baditu, hala nola Lau Haizetako Parkea eta San Markos eta Txoritokieta mendiak, kareharri-masa handiak dituztela, beren eraketa eratorriekin: dolinak, haitzuloak, iturburuak eta hobiak.
Era berean, Errenterian bi Estazio Megalitiko daude: Txoritokieta eta Igoin-Akola, trikuharri, monolito eta historiaurreko zistekin. Horiek erakusten dute lurralde hau antzinatik izan dela bizitoki eta ustialeku. Gainera, Aiako Harria Parke Naturalera Listorreta sektoretik (Errenteria) sartzen, Azpitarteko edo Landarbasoko haitzuloak ikusi ditzakegu. Horiek partzialki bisitatu daitezke, eta paleolitikoko aztarnategiak dituzte.
Hernanik egun 18.500 biztanle ditu, 4.000 hektareako azalerarekin. Hernaniko Udala da Hernaniko udalerria kudeatzen duen tokiko administrazioa. Udala da 2040.1 eta 2040.3 zenbakiak dituzten Erabilera Publikoko Mendien jabe. Horiek 385 hektareako azalera dute, eta osorik daude Aiako Harria GKL barruan sartuta.
Udaleko Hirigintza Sailaren barruan Ingurumen Atala sortu zen 2000ko urrian, eta 2003. urtean okupatu zen funtzionario-lanpostu hori.
Duela pare bat urtetik udalerrian Tokiko Agenda 21 ezartzeko lanetan, Udala planaren kudeaketa iraunkorra sustatzen ari da. Egun Udal Ekintza Plana prestatzen ari da; urte amaiera aldera onetsi daitekeela aurreikusten da. Testuinguru horretan, eta Hirigintza eta Ingurumena Sailetik sustatzen ari diren ekintza nagusien barruan, industriguneetan airearen kutsadura kontrolatzeko teknika berritzaileen aplikazioa, udalerriko zarata-mapa bate prestaketa eta udalerriko ingurumen-diagnosiaren idazketa daude. Diagnosi hori oso baliagarria izango da datozen urteetarako Udal Ekintza Plana eratzeko tresna gisa. Plan horren indar-guneetako bat mendien kudeaketa iraunkorra izango da; Udalak aurrekontuetako hainbat kontu-sail xedatuko ditu helburu horretara.
Orain arte, Hernaniko Udalak hainbat ekintza gauzatu ditu naturaren kontserbazioa bultzatze aldera:
• Urumea ibaiaren ertzak birgaitzea eta lehengoratzea, erabilera publikoko espazioak mugatuz eta alde horretako flora- eta fauna-aniztasuna babestuz.
• Aisialdi-guneak sortzea eta mantentzea, bai Aiako Harria Parkearen barruan eta baita udalerriko beste mendi publikoetan ere; horrela, naturaz gozatzea bultzatuko da, bere balio naturala zainduz.
• Udalerriko ikastetxeetan 9 urtetik 12 urtera bitarteko eskola-umeei zuzendutako ingurumen-hezkuntza kudeatzea.
• Zuhaitzaren eguna ospatzea, otsaileko hirugarren asteburuan: larunbatean eskola-umeak dira parte hartzen dutenak, eta igandean, berriz, helduak.
Irunek 59.400 biztanle ditu egun, eta 4200 hektareako azalera hartzen du. Irungo Udala da Irungo udalerria kudeatzen duen tokiko administrazioa. 750 ha landa-lurren jabea da, eta horietatik 750 ha 2.045.1 zk.-ko “Erlaitz-Pagogaina” Erabilera Publikoko Mendiarenak dira. Gainerakoak, berriz, erabilera librekoak dira, eta ia guztiak daude Aiako Harria GKLren barruan. Azalera horietan guztietan baso-aprobetxamendurako ekoizpen-helburuak dituzten jarduketak nagusitu izan dira. Hala ere, irizpide horiek aldatu egin dira eta egun lehentasuna ematen zaio mendi publikoen kudeaketan erabilera publikoko aisialdi eta kontserbazio joerari, bai Aiako Harria GKLren barruan eta baita GKLtik kanpo ere. Horrek, funtsean, bertako basoen lehengoratzera eta abeltzaintza-erabilera tradizionala mantentzera zuzendutako lanak eragin ditu.
Bestalde, eta Irungo Udalak, zuzenean nahiz beste erakundeekiko lankidetzan (Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Bidasoaren Garapenerako Agentzia) naturaren kontserbazioarekin lotuta gauzatu dituen jarduketei dagokienez, ondorengo hauek azpimarra ditzakegu:
• Erabilera publiko intentsiboa kontzentratuko duten aisialdi-guneak sortzea eta mantentzea, balio natural gehien duten espazioetako presioa arinduz.
• Landa-ingurunean paseatzeko mendi-bideak eta ibilbideak ezartzea, inguruneari buruzko informazioa ematen duten azalpen-panelez hornituta.
• Udalerriko ekosistemei buruzko unitate didaktikoak editatzea, ikastetxeetan erabiliak izan daitezen.
• Landaketak eta bertako baso-masak berreskuratzera zuzendutako beste ekintzak.
• Bertako basoak zaintzea.
• Ibaiertzak berreskuratzeko lanak, bioingeniaritzako teknikak erabiliz.
• Mendi-aldeetan oinezko gehiegi ibiltzearen ondorioz higatutako guneak lehengoratzeko lanak eta mendi-bideak teknika bigunekin egokitzea.
Oiartzungo udalerriak 9.800 biztanle ditu gaur egun. Oiartzungo Udala da Oiartzungo udalerria kudeatzen duen tokiko administrazioa. Udalerriak 6.000 ha ditu, eta horien erdia Udalaren jabetzakoak dira. Lur menditsuak dira, nagusiki basoz estaliak, nahiz eta, zati batean, bereziki gailurretan eta mendikatean, udalerriko bizilagunen abereek aprobetxatzen dituzten larreak dauden. Udal titularitateko lur horiek Erabilera Publikokoak dira eta lau menditan banatzen dira: OiO2.063.1 “Pikokarate”, 2.063.2 “Kausua”, 2.063.3 “Martuzenegi” eta 2.063.4 “Zaria”, eta 2500 ha inguru okupatzen dituzte, ia guztiak Aiako Harria GKL barruan daudenak.
Historikoki, mendi horiek udaleko diru-kutxen eta Oiartzungo herritar ugariren mantenu izan dira, baina XX. mendean, praktika tradizionalak alde batera uzten joan zirenean, kontsortzio bat gauzatu zen paper-industriarekin, eta, ondorioz, espezie exotikoak landatu ziren bertan. Aurreko mendeko azken hogeita bost urteetan paper-industria krisian erori zen, eta horrek landaketen eta oro har mendien nolabaiteko abandonua eragin zuen. 80ko hamarraldiaren amaieran kontsortzioa desegitea lortu zen, eta Udalak bertako basoak eta habitatak lehengoratzeko politika bat abiarazi zuen. Politika horrek aurrera jarraitzen du gaur egun ere, eta indartu egin da mendi horiek Parke Natural eta Interes Komunitarioko Leku izendatuz. Horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendien Zerbitzuaren laguntzarekin, 1991. urtetik 2003. urtera 400 ha mendi birlandatu ziren 650.000 zuhaitzekin, gehien-gehienak autoktonoak. Aldi horretan, jabari publikoa 120 ha areagotu zen, lurrak eskuratuz eta trukatuz.
Gainera, beste zenbait esku-hartze ere gauzatu dira, intereseko habitaten egoera babesteko eta hobetzeko nahiz horiek ezagutzera emateko helburuarekin, hala nola:
• Udalerriko interes naturalistikoko guneen inbentarioa.
• Euskal Herri mailan nahiz Europar Batasunean mehatxatu gisa katalogatuta dauden eta Oiartzunen aurki daitezkeen landare-espezieen inbentarioa eta kartografia.
• Mendi-bideen sare bat diseinatzea eta egokitzea.
• Basoetako mendi-bideetatik ibiltzen diren ibilgailuen zirkulazioa zaintzea eta arautzea.
• Ugaltze-tasa eskasa duten pagadi azidofiloen birsorkuntza ixtea.
• Larre publikoen aprobetxamendua ordenantza bidez arautzea.
• Udalerriko balio naturalak ezagutarazteko eta horiekiko sentsibilizatzeko kanpainak.
Oiartzungo Udalak habitatak eta intereseko espezieak babesteko eta lehengoratzeko politika argia erakutsi du azkeneko hamarraldietan, eta bere aurrekontuetan urtero jarri ditu helburu horretara xedatutako kontu-sail garrantzitsuak. Gainera, bi pertsona ditu mendien kudeaketaz eta zaintzaz arduratzen direnak.
Euskadi basoaren kulturan errotutako herrialdea da. Haritza, gure foruen eta askatasunen adierazgarri gisa, mitologia eta legendak, tresnak eta babesa,... eta horiei guztiei baso-ustiaketa gehitu behar diegu; horrek aditzera ematen du basoak euskaldunontzat duen esanahia.
Euskal lurzoruaren erdia baino gehiago zuhaitzez estalita dago, eta zati handi bat jabe pribatuen eskuetan daude. Baso-jabeek funtzio oso garrantzitsua izan dute basoen zaintzan, mantentzean eta kontserbazioan. Horien ahaleginek norabide bera hartu zuten duela 20 urte jadanik, Euskadin basogintza-mugimendua jaio zenean.
Mugimenduak egin aktibo jarraitzen du, eta Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundearen ekimenez BASOA FUNDAZIOA sortu zen.
Basoa Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta gizarte osoari egiten dio onura.
Basoa Fundazioak autonomia erkidegoan zuhaitzez estalita dauden espazioen babesa finantzatzen laguntzen du, interes orokorreko helburuetara xedatuko den ondare batekin. Horietatik orokorrena Euskadiko baso-aberastasuna sustatzea eta mantentzea da.
Helburu zehatzak ondorengo hauek dira:
- Baso-estaldura sortzea, mantentzea eta hobetzea,
- Baso-kudeaketa iraunkorra sustatzea,
- Abandonu-joera duen baso-azalera berreskuratzea,
- Lurrak eskuratzea edo jabeekin hitzarmenak sinatzea, zuhaitz-estaldura mantentzeko beharrezkoak diren lanak garatzeko,
- Baso-antolaketa bultzatzea,
- Egurraren erabilera sustatzea, eta
- Gizarteari basoen garrantzia ezagutaraztea.
Basoa Fundazioa Euskadiko basozainen ilusiotik eta ahaleginetik jaiotako errealitate bat da. Guztion laguntzarekin, basoak gure ekonomiaren zati garrantzitsu, ondare ekologiko eta ondare kultural izaten jarrai dezake.
Basoa Fundazioaren egitasmoa Besaideko gailurraren ingurumen-lehengoratzea izan da, Mendiko Euskal Federazioarekin sinatu duen lankidetza-hitzarmen baten bidez.
Irabazi askorik gabeko erakundea da, eta euskal ekonomiaren gidari diren hainbat erakunde eta enpresen eskutik jaio da. Erakunde eta enpresa horiek, ezaugarri horietako proiektu batean parte hartuz, beren erantzukizun soziala eta garapen iraunkorrarekiko konpromisoa berresten dute. Fundazioaren xede nagusiak dira ondare naturala eta paisaia-ondarea kontserbatzen laguntzea eta naturaz gozatzea ahalbidetzea. Administrazioek kontserbazioaren alorrean gauzatzen dituzten ekintzak osatu nahi ditu fundazioak, fundazio baten malgutasun operatiboa eskainiz. Horrela, erakundeen politikak modu zehatzean eta tokiko eremuan indartuko dituzten ekimenak eta proiektuak garatuko ditu.
Naturgintza Fundazioaren jarduketak aniztasun biologikoa eta paisaiaren aniztasuna kontserbatzera eta hobetzera nahiz balio naturalak eta naturan gauzatu beharreko aisialdi-jarduerak zabaltzera eta sustatzera zuzentzen dira. Fundazioaren jarduera ondorengo jarduketa-lerri hauetan gauzatzen da:
• Interes naturaleko eta paisajistikoko lursail-sare bat sortzea, lur-eremu publikoak eta pribatuak eskuratuz eta/edo kudeatuz, lursail horien balio naturalistikoa kontserbatzeko eta areagotzeko nahiz gainbehera egin duten interes naturaleko gune horiek lehengoratzeko azken xedearekin.
• Interesekoak diren eta/edo arriskuan dauden fauna eta flora berreskuratzeko planak bultzatzea.
• Mendi-bideak eta, oro har, ingurune naturalaren aisialdi-erabilerarekin zerikusia duen guztia sustatzea eta egokitzea.
• Toki-erakundeetatik edo beste elkarteetatik abiatuta ingurune naturalarekin zerikusia duten ekimen eta proiektuak aztertzeko eta abiarazteko lankidetza eta laguntza teknikoa eskaintzea.
• Ingurumen hezkuntza eta balio naturalen eta natur inguruneko aisialdi-jardueren hedapena eta sustapena (dibulgazioko liburuxkak, argitalpenak, erakusketa,...)
• Bazkideak, boluntarioak eta laguntzaileak (partikularrak, administrazioa eta enpresak) lortzea eta horiei arreta eskaintzea, informazio eta sentsibilizazio kanpainen bidez.
Uren Zuzendaritza. Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila. Eusko Jaurlaritza. |
Uren Zuzendaritza Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari atxikita dago (8/2005 eta 340/2005 Dekretuak).
Erakunde publiko honi legez dagozkio, beste askoren artean, Euskal Autonomia Erkidegoko arroen jabari publiko hidraulikoan baimenak eta zortasunak emateko araubidea eta planifikazio hidrologikoa, azpiegiturak gauzatzea eta uren eta baliabide hidraulikoen kalitatea kontrolatzea. Erkidego barruko arroei dagokienez, legedi hidraulikoa betetzea babesten du, erakunde arteko lankidetza sustatzen du, eta dagozkion planifikazio-organoetan parte hartzen du. Zuzendaritza honen jarduketa-ildo garrantzitsuenetako bat ibai eta erreken kalitate ekologikoaren eta paisaia-kalitatearen hobekuntza dira.
Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza. Eusko Jaurlaritza. |
Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari atxikita dago (8/2005 eta 340/2005 dekretuak).
Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzari dagozkio, beste askoren artean, ondorengo funtzio hauek:
- Azterlanak, txostenak, planak eta estrategiak lantzea, biodibertsitatea zaindu eta babesteko eta bertako baliabideak modu iraunkorrean erabiltzeko.
- Baliabide naturalak antolatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko lurreko eta itsasoko eremuetan.
- Baliabide naturalak antolatzeko planak landu, izapidetu eta berraztertzea, Euskal Herriko natura zaintzeko ekainaren 30eko 16/1994 Legean ezarritakoa betez.
- Babestutako naturguneen deklarazioa sustatzea.
- «Natura 2000» Europako sare ekologikoaren barruan dauden Babes Bereziko Zonak proposatu eta kudeatzea, Euskal Herriko Natura Zaintzeko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 13. eta 25. artikuluetan jasotako eskumenei; alegia, naturgune babestuak kudeatzeko lurralde historikoetako foru-organoen eskumenei kalterik egin gabe.
- Babestutako naturguneen Sarearen helburuak betetzeko behar diren ekintzak gauzatzea, Euskal Herriko Natura Zaintzeko 16/1994 Legearen 11. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
- Euskal Autonomia Erkidegoko Naturguneen Sarearen erregistroa kudeatzea,
- Basa eta itsas flora eta faunan arriskuan dauden espezien euskal zerrenda kudeatzea, eta kudeaketarako planak garatzea Foru Aldundiekin elkarlanean, natura babesten duen 16/1994 Legearen 50.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.
- Ingurumen arloko informazioa kudeatzea eta ingurumen arloko datu-basea eratzea.
01
|
|