“Aiako Harria GKL kontserbatzeko eta lehengoratzeko” LIFE-Natura proiektua espazio horren kudeaketa Natura 2000 Sarean sartu ondoren planteatutako eskakizunetara egokitu beharretik sortu da.
Leku horretako habitatak kontserbatze aldera egindako lehenengo jarduketa Aiako Harria Parke Naturala izendatzearekin eman zen 1995. urtean (241/1995 Dekretua), babes-araubide horrekin hornituz, Euskal Herriko Natura Kontserbatzeko ekainaren 30eko 16/94 Legeak eskaintzen duen markoaren barruan. Aiako Harria aldeko Natur Baliabideen Antolamendurako Plana 240/1995 Dekretuaren bidez onetsi zen; bertan hobekien kontserbatutako aldeen lehenengo zonakatze bat egiten da, erreserba-guneak eta kontserbazio aktiboko guneak bereiziz, eta flora aldetik nahiz fauna aldetik interes handia duten aldeak ezartzen dira. Alde horiek ondorengo habitat hauei dagozkie: harkaitz silizeoak, ibaiak eta erretenak, mendiko larreak eta hostogalkorren basoak.
Ondoren Aiako Harria Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketarako Plan Eraentzailea onetsi zen, 87/2002 Dekretuaren bidez, eta horrek aurrerapauso garrantzitsua suposatu zuen kontserbaziorako eta lehengoratzerako politika aktiboak ezartzeari dagokionez.
Aiako Harria Parke Naturala Garrantzi Komunitarioko Leku (GKL) izateko proposatu zen, eta ondoren Natura 2000 Sareko garrantzi komunitarioko lekuen zerrendan (ES2120016) txertatu zen, eskualde biogeografiko atlantikoan, 2004ko abenduaren 7ko 2004/813/CE Erabakiaren arabera.
LIFE proiektu erakusgarri honi esker abian jarriko dira kudeaketa-lerro berritzaileak, eta baita esperimentalak ere; horiei esker espazio honetan eta Natura 2000 Sarean antzeko ezaugarriak dituzten beste espazioetan ere aplikagarri izango diren lan-ildo egoki eta bideragarrietarantz aurrera egin ahal izango dugu.
Beste alderdi garrantzitsu bat ere landuko da; espazioaren kudeaketan inplikatutako eragile desberdinen eta beste administrazioen nahiz jabe partikularren arteko koordinazioa, interes desberdinek bat egin eta helburu bateratuetarantz eta espazioaren kontserbazioarekin bateragarriak diren helburuetarantz egin dezaten.